LAG – Lurralde Antolamendurako Gidalerroak

dotNortzuk gara Desazkundea-LAG lan-taldea?

Hirigintza, ingurumena, nekazaritza eta gizarte eta ekonomia arloetako ekintzaile taldea gara. Gure xedea Eusko Jaurlaritzaren LAGen (Lurralde Antolamendurako Gidalerroak) ebaluazio kritikoa egitea da, eta arau horiek bultzatutako Euskal Hiria lurralde antolamendu-ereduari alternatibak proposatzea; gure aburuz, Eusko Jaurlatizak legegintza-prozesu honetan inertzia hutsez eta gogogabekeriaz jokatu duelako.

Zer dira LAGak eta Euskal Hiria?

LAGak lurraldea antolatzeko eta arautzeko tresnak dira, 4/1990ko, maiatzaren 31eko Euskal Herriko Lurralde antolakuntzari buruzko Legeak ezarritakoak. Lege horren zioen azalpenak berezko araudi baten premia azpimarratzen du “mendearen bigarren erdian izandako kontrolik gabeko hiri eta industria hazkundeek pertsonen bizi-mailan eragin dituzten ondorio kaltegarriak arintzeko”. Horrela, lurralde antolamenduaren helburua “garapen orekatua” da “beharrezko azpiegiturak eraikiz, biztanleriari osasun-, irakaskuntza-, administrazio-, komertzial-ekipamenduak, (…) eskainiz, baliabideak arduraz kudeatuz eta ingurumena zainduz” eta “bizi-kalitatea hobetuz, biztanleriaren hainbat sektoreren arteko desberdintasunak desageraraziz”.

Zer da Euskal Hiria?

Eusko Jaurlaritzak Euskal Hiria erakunde-marka eta esparru-sinbolikoa erabiltzen du LAGak (Lurralde Antolamendurako Gidalerroak) aurkezteko orduan. Araudi hori EAEko Herri-Administrazio guztientzako erreferentzia bihurtzen da lurraldean eragina duten planak, programak eta ekintzak diseinatzerakoan, esaterako hirigintza planak, plan sektorialak, ingurumen planak, etxebizitza planak, eta abar.

Zein da arazoa?

Orain arte proposatutako ereduak garapen-sistema neoliberalari men egiten diola: etengabeko eta neurrigabeko energia-eskaria duen sistema zaharkitua bultzatzen du (hori dela-eta fracking-aren aldeko apostua); lurraldea sistematikoki ustiatzen du eta paisaiaren artifizializazio gero eta haundiagoa eragiten du, eta aktibitateen eta biztanleriaren hiriburuetarantzeko polarizazioa bultzatzen du, lurralde-kohesioa alboratuz, eskualdeak eta haien premiak baztertuz, eta hiru hiriburuetan lan-guneak eta zerbitzuak metatuz (egitura horrek hirien arteko komunikazioak bermatzeko AHT “behar” du, noski).

Zergatik ez dut LAG-en berririk izan inoiz?

LAGen inguruko berririk ez zabaltzea eta gai-zerrenda politikotik at mantentzea ez da kasualitatea. Herritarrok ezagutuko baldin bagenu tresna horiek duten garrantzia gure herrietako garapenean, gure ingurugiroan, eta gure eguneroko bizitzan duten eragina (lana, garraioa, zerbitzuak, eta abar), gu guztiok ezer jakin gabe azpikeriaz egindako “negoziazio” hori ez genuke onartuko.

Hori dela bide, LAG-taldea arau horien berri hedatzeko lanean ari da, eta alegazioak eta bidezko alternatibak aurkeztu ditu jendarte zibilaren ordezkaritza zabalarekin batera, desazkundearen bidetik eta humanoagoa den garapen eredu bat helburu hartuta.

Informazio gehiago jasotzera eta gure jarduerak ezagutzera gonbidatzen zaitugu:

info@dot-desazkundea.org

eta web-orrialdea: http://dot-desazkundea.org

(*) 2012ko ekainean (Eusko Jaurlaritzak alegazioak egiteko hiru hilabetetako epe laburra utzi zuen, inongo parte-hartzeko prozesurik ireki gabe) LAGen aurkako alegazioak aurkeztu genituen eusko Jaurlaritzaren aurrean, gizarte eragile talde hauekin batera: sindikatuak (ESK, ELA, LAB, CGT), nekazaritzaren sektoreko sindikatuak (EHNE, BEDARBIDE), mugimendu ekologistak (EKOLOGISTAK MARTXAN, TXIPIO BAI, ANTI COKE, AHT GELDITU ELKARLAN), etxebizitza duinen aldeko mugimenduak (ETXEGORRI, KE PASA CON LA CASA), eta bestelako hainbat gizarte-talde aktiboak (EZKER GOGOA,EUSKADIKO GAZTERIA KONTSEILUA, KEM-MOC, BIZKAIKO EMAKUMEEN ASANBLADA, PARTE HARTUZ, HIRIA KOLEKTIBOA, LAS TRANS, MUGARIK GABE, …), eta horretaz gain irakaskuntza, lan eta gizarte arloetako hainbat pertsonen banakako atxikimenduak jaso genituen.

 

[[ LAG-en Artikuloak ]]