Debalde, doako denda

Debalde, ekimen antikapitalista bat.

Debalden, behar dituzun ondasun materialak lor ditzakezu, baina sistema kapitalistatik at, hau da, han dauden gauza guztiak debalde har ditzakezu . Arropak, liburuak, osagarriak, diskak eta abarrekoak aurkituko dituzu gure/zure dohako dendatxoan. Debalde merkatu neoliberaletik askatu nahi diren pertsonentzat da, baita baliabide ekonomikorik gabe dauden pertsonentzat ere, noski.

Debalden ez dago soldatupeko langilerik, baizik eta boluntarioak/militanteak, goizeko eta arratsaldeko txandetan, hilabetean bitan. Haiek zu laguntzeko daude, eta Debalderen oinarria den kontsumo masiboaren aurkako proiektu politiko antikapitalistaren berria hedatzen saiatzen dira ere. Bide batez, gure/zure doako denda desazkundearen proposamenak ezagutzeko eta horietan sakontzeko aukera paregabea da. Hurbiltzen diren lagunek hiru jantzi edo objetu har ditzakete (gehienez), hori bai, joan baino lehen txukundu behar dute nahastu edo mugitu duten guztia, denda polita eta txukun gera dadin.

Zer edo zer hartu nahi baduzu ez duzu ezer utzi behar trukean, hau ez da trueke azoka, doako denda baizik. Dena den, gauzak ekarri nahi badituzu, egoera onean egon behar dira (erabiltzeko modukoak), eta arropa bada, denboraldiko jantziak badira, hobe. Kolektiboko partaideok Debalde zure lekua dela sentitzea nahi dugu. Ongietorri!

Hara non, Debalden ikusitakoa hausnartzeko aukera eman digun… Bada Debalde Ekonomia Feministaren ekimen antikapitalista bat? Printzipioz ez zen horrela sortu, baina esperientziak erakutsi digu Debalde emakumeek bereganatu duten gunea dela: txandak egiten dituzten boluntarioen gehiengoa emakumezkoak izaten dira, eta dendaren erabiltzaileak ere bai. Debalde errealitatearen isla da, gure lokalean ikusten duguna diagnosia egiteko tresna paregabea dugu: zaintza-lanak eta gizartean beharrezkoak diren ardurak oraindik emakumeen esku daude, ez daude banatuta. Ikusi dugu emakumezkoak direla, oro har, haur-jantzien atala erabiltzen dutenak, bai eramateko baita jantzi berriak ekartzeko ere, horrek esan nahi du umeak zaintzeko ardura haiena dela. Era berean, erabiltzaile-mota dela eta, gehiengoa emakume etorkin eta helduez osatuta dago— hau da, bi arrazoirengatik diskriminatuta dauden personak—; horrek esan nahi du txirotasunak, bazterkeriak emakumearen aurpegia duela, oraindik. Iturria: http://www.pikaramagazine.com/2013/03/construyendo-alternativas-economicas-para-un-decrecimiento-feminista/

Debalde Bilboko Alde Zaharreko Pelota kalean zegoen, baina egun lokalik gabe gaude! Debalde ekimena berpizteko lokal berri baten bila gaude.